Egunsentia portuan HASI DA MUGIMENDUA Goizeko 09:00ak dira eta ontziak hasi dira mantso-mantso heltzen Getariako portura. Tentsioa sumatzen da giroan, baina erritmo onean doaz gauzak. Moilan Jose Antonio Bereziartua dago zain, EROSKIren aspaldiko ezaguna, zeinak 30 urte baino gehiago daramatzan arraina erosten Bizkaiko Golkoko lonjetan. Lehenbiziko kaxak ikusi orduko jakiten du eguna ongi joango den. Eta gaurkoak itxura ona duela dirudi. Eskifaiak kaxa multzoak ontzitik ateratzen dituen bitartean, bi marinelek lonjara daramatzate laginak, kontrola egin dezaten eta enkantea has dadin. Minutu gutxitan gertatzen da guztia. Ez dago denborarik galtzeko: zenbat eta lehenago egon arraina erosleen eskuetan, orduan eta freskoago iritsiko da zure mahaira. 2 ©Aitor Juaristi