Maistra garagardogilea eta Boga Garagardoa enpresako zuzendaria ALBA DONADEU M ungiatik, Bizkaiko kostaldetik, Boga Garagardoak erakutsi du alkoholik gabeko garagardo batek izan dezakeela nortasuna eta izaera. Alba Donadeuk eta bere lantaldeak garagardoa egiteko pasioa dute, eta urrats bat gehiago eman dute bide horretan, zapore eta usain berriak esploratuz, zaporeari uko egin gabe garagardo onaz gozatu nahi dutenentzat. Bertako osagaiekin eta lurra errespetatzeko filosofiarekin, bestelako artisau garagardo bat sortu dute, mitoak apurtu eta zerumugak zabaltzen dituena. Zergatik eraldatzen du elikaduraren etorkizuna zuen alkoholik gabeko artisau garagardoak? Boga Libre helburu garbi batekin sortu da: alkoholik gabeko garagardo naturala, artisau erakoa eta 0 km-koa eskaintzea, edonork garagardo konplexu batez goza ahal izan dezan eguneko edozein ordutan. Nola iritsi zara herrialdeko lehen maistra garagardogilea izatera? Hasi nintzenean, duela 12 urte, ez zegoen emakumezko erreferente askorik garagardoaren sektorean. Pixkanaka ikasten joan nintzen. Gainera, dastatzailea ere banaiz, eta esparru horretan emakume gehiago gabiltza; izan ere, emakumeok ahalmen organoleptiko eta sentiberatasun handiagoa dugu lurrinak eta zaporeak hautemateko. Gaur egun badira maistra garagardogile gehiago, baina oraindik ere oso gizonezkoen sektorea da. Zer osagai behar dira alkoholik gabeko artisau garagardo bat egiteko? Boga Garagardoak tokiko bertako lehengaiekin lan egiten du. Arabako malta, euskal lupulua, ura eta legamia erabiltzen ditugu. Beste ezer ez. Zer prozesuri jarraitzen diozue zuen garagardoak egiteko? Mazerazio tangan malta txigortua sartzen dugu ur beroarekin, eta zerealari eragiten hasten gara lehen muztioa sortzeko. Garagarraren azukrez beteta egoten da lehen muztio hori. Behin mazeratu ondoren, muztioa iragazi egiten da eta irakiteko tangara eramaten da. Hor ordubete edukitzen da irakiten, eta lupulu desberdinak gehitzen zaizkio, garagardoari mikaztasuna, zaporea eta lurrina emateko. Irakite prozesua amaitzean, beroa trukatzeko hodi batzuen bidez eramaten dugu garagardoa, hoztu dadin, eta hartzitze tangan sartzen dugu. Zer alde dago 0,0 baten eta alkoholik gabeko baten artean? Alde nagusia da guk egiten dugun muztioak ezaugarri jakin batzuk eta legamia jakin bat dituela, tarte oso zehatz bat soilik hartzitu dadin, era horretara azken edariari %0,5 eta %0,7 arteko alkohola eman ahal izateko. Ez dago pasteurizazio, iragazpen eta alderantzizko osmosi prozesurik ondoren, 0,0 garagardoekin gertatzen den moduan. Nolakoa izango da, zure ustez, alkoholik gabeko artisau garagardoen etorkizuna? Aparrak bezala egingo du gora? Belaunaldi gazteek alkohol gutxiago edaten dute eta denok gehiago zaintzen dugu gure burua. Alkoholik gabeko garagardoa soilik ez, alkoholik gabeko txigortu bat, alkoholik gabeko IPA bat... eskatuko ditugu. Hau iraultza bat izango da. Datozen urteetan alkoholik gabeko garagardo estilo berriak sortuko dira, kategoria hau hazten eta dinamizatzen joango baita. GALDERA APARTSUAK Zure lanean kaƱa bat hartzeko modukoa iruditzen zaizun zerbait?Gehien gustatzen zaidan gauzetako bat garagardo berri bat egiteko erronka da: pentsatzea, osagaiak bilatzea, legamia edo lupulu berriak probatzea... Alkoholik gabeko garagardo batekin hobekien ezkontzen den jakia?Pizza bat, focaccia bat, gozo eta gazi arteko zerbait. Eta zure buruarengan oinarritutako garagardo bat egin ahal izango bazenu?IPA bikoitz lehergarri bat, fruta gustukoa, tropikala. Bizitzan, edalontzia erdi beteta edo erdi hutsik ikusten duenetakoa zara?Erabat betea. Nola gozatzen duzu gehien garagardo batez: pinta irlandar batean, edalontzi zabalean, kopan edo pitxarrean?Pinta irlandar batean. #elikatupentsatzenduzuna