UNEA BRUNCH BAT Ondo maite zaituenak PRESTATUKO DIZU! Ezinbestekoen artean, plater batzuk ez dira aldatzen: arrautzak, ohiko moduren batera prestatuak (Benedict eran, nahaskian, frijituak edo poxatuak), ogi txigortuak eta laguntzeko gazta, ahuakatea edo izokin ketua. Ezinbestekoak izaten dira aukera gozoak ere, arto opilak, pankakeak edo bizkotxoak, eta, nola ez, fruta freskoak. Edariei dagokienez, kafea eta tea oinarrizkoak dira, baina ohikoa izaten da zuku naturalak eta smoothie-ak zerbitzatzea ere. Izena breakfast (gosaria) eta lunch (bazkaria) hitzen uztarketatik dator, eta jatorriz XIX. mendekoa da ohitura. Garai hartan, Erresuma Batuko klase sozial altuetako jauregietan hamaiketako oparoak zerbitzatzen ziren igandeetan, berandu samar. Nolanahi ere, Estatu Batuetan zabaldu zen batez ere, eta geroztik mundu mailako joera bihurtu da. Brunch baterako ordu egokiena 10:00ak eta 13:00ak artean izaten da; une perfektua da gehixeago lo egin baina gosaririk gabe geratu nahi ez dutenentzat. Brunch on batek askotariko jakiak izan behar ditu eta orekatua izan behar du, gozoa eta gazia, hotza eta beroa konbinatuz. Ez dago idatzizko araurik, baina normalean lau eta sei plater artean izaten ditu, edariez gain. Erdi gosari, erdi bazkari, bruncha aitzakia gozo bat da asteburua lasai hartzeko eta otordu berezi batez presarik gabe gozatzeko. Gero eta gehiago dira mokadu honen zaleak. Jarri mahaia; izan ere, brunch honetako platerak prestatzen lagunduko dizugu, egunari indarrez eta umore onez ekiteko. Otordua modu egokian eta prezio onean atontzeko ezinbestekoak diren gakoak eta platerak emango dizkizugu.