ZURE MAHAIRA JERTEKO GEREZIA Sorotik U daberriaren amaiera aldera, Jerte Haranean (Cáceres) munduko gerezi eta pikota gozoenak biltzen hasten dira. Lursail mailakatuetan eta landaketa txikietan hazten dira gereziondoak, eta ez da erraza sail mailakatu horietara iristea. Nekazariek mimoz jasotzen dituzte gereziak, banaka-banaka, eta, ondoren, Jerte Haraneko Kooperatiben Elkarteak ezarritako kalitate kontrol zorrotzak gainditzen dituzte. Elkarte hori da, hain zuzen, zure EROSKI dendan aurkitzen dituzun gerezi eta pikoten hornitzailea. Horregatik, “Jerteko Gerezia” Jatorri Deitura Babestuaren kalitate zigilua dute gure gereziek. Behin ale onenak aukeratuta, tratamendu planta batetik igarotzen dira. Han, frutaren freskurari eusten zaio, etengabeko hidratazio prozesu baten bidez, eta, era horretara, hotz katea kontserbatzen eta bermatzen da. Ondoren, frutak ontziratu eta kamioi hozkailuetan garraiatzen dira, eta 24 eta 72 ordu arteko epean entregatzen dira (distantziaren arabera), zure mahaira iritsi arte fresko-fresko mantentzen direla ziurtatzeko. EMAKUMEA, GEREZIAREN HISTORIAREN JAGOLE Jerteko gereziaren inguruan kultura, ekonomia eta ingurumen aldetik ondare aberatsa pilatu da mendez mende, eta landaketa, tradizio eta ondare horren jagole eta zaindari nagusia emakumea izan da betidanik. Batez ere emakumeak aritu dira, hamarkadaz hamarkada, gerezirik onenak mimoz hautatzen eta hondatuak baztertzen, artisau erako uzta bilketa honetan jakintza zabala eskuratzen, lan horri erabat emanak. Dedikazio eta jakintza hori funtsezkoa izan da Europako kalitate estandarrak mantentzeko. Emakumeen lan horrek nekazaritza sektorearen garapen ekonomikoa bultzatu du, eta gerezia izan da horren oinarrietako bat. Lidergo rolak ere hartu dituzte emakumeek, eta kooperatibetako zuzendaritza kontseiluetako erabakiguneetan parte hartu dute. GORRI BARIETATEAK Navalinda gereziaz gain – hori da pikota barietateekin batera orain arte ziurtagiria izan zezakeen barietate txortendun bakarra–, aurtengo kanpainan, Jerteko Gerezia Jatorri Deitura Babestuaren (JDB) Kontseilu Arautzaileak gerezi txortendunen beste hiru barietate ziurtatu ditu: Van, Lapins eta Burlat deritzenak, hain zuzen. Gozoak eta zapore handikoak dira, eta abuztura arte dasta ditzakegu. Europan gehien merkaturatzen diren gereziak dira. NATURALAK ETA GOZO-GOZOAK! 2025ean, Jerte Haraneko Kooperatiben Elkarteak Europa mailako proiektu bat jarri du martxan nekazaritzako elikagaiak sustatzeko. “Sorotik zure mahaira! Naturalak eta gozo-gozoak!” kanpaina horren xedea da Espainiako, Finlandiako eta Suediako kontsumitzaileei kontinenteko gerezien kalitate estandarrak erakustea. Hala, ekainaren 27an, kalitate bikaineko fruta honen inguruko hitzordua duzu Gasteizko EROSKI Boulevard dendan. Jerteko Harana Jatorri Deitura Babestua duten gereziak eta pikotak naturalak eta ezin gozoagoak dira. Zein den haien sekretua? Biltzen direnetik zure mahaira iristen diren arte gehienez ere 72 ordu igarotzen direla.