K ubara bidaiatzea denboraren makina batera igotzea da: uharteak iraganera eramaten zaitu, eta aldi berean, dardar berezi batean murgiltzen zaitu; izan ere, uharteko musika, historia eta jendearen abegikortasuna nahastu egiten dira Karibeko magia moduko batean. Zaila da lilura hori esplikatzea, baina erraza sentitzea. Denetarik egin ahal izango duzu: kolorez betetako kaleetan barna ibili, saltsa dantzatu edo margolan batekoak diruditen ilunabarrak ederretsi. Eta zure ibilbidean La Habanan eta Varaderon geldialdia egiten baduzu, presta zaitez hondartzaz, kulturaz, festaz eta uhartearen arimaz gozatzeko. Nahasketa perfektu horren bidez, gainera, bidaiaren kostuaren %5 itzuliko dizugu zure EROSKI Club txartelean, hurrengo erosketetarako. La Habana: erritmo bereziko hiria La Habana ez da hiri perfektua, ezta izan nahi ere. Arraildurak, horma zartatuak eta zutik egoteko lanak dituzten fatxadak daude nonahi. Baina, hain zuzen, horretan datza hiriaren xarma. Autentikoa, bizia, benetakoa da. Hiriko kaleetan ibiltzea 1950eko urteetako pelikula batean sartzea bezala da, Latinoamerikako giza berotasunarekin. Habana Zaharrean biltzen da Kubako hiriburuaren esentzia. Unescok Gizateriaren Ondare izendatua du hiriaren eremu hori: bertan ugariak dira harlanduzko kale estuak, balkoi kolonialak eta plaza zabalak, bizitzaren pasaerari ordu luzez beha egoteko. Nahitaez bisitatu beharrekoak dira Plaza Zaharra, hango etxe koloretsuekin eta bizitzaz betetako terrazekin, eta Katedralaren Plaza, non San Kristobal Katedralaren arkitektura barrokoak mira eginda utziko zaituen. A! Atetik igarotzen bazara, har ezazu mojito bat La Bodeguita del Medio taberna mitikoan. Han inspiratzen zen Ernest Hemingway bera. Malekoia da La Habanako beste leku enblematikoetako bat. Hormigoizko murru bat baino gehiago, sofa erraldoi bat da. Hor esertzen dira kubatarrak solas egitera, barre egitera, musika jotzera, maitemintzera edo, besterik gabe, itsasoari begiratzera. Ilunabarrean, argiak kolore urrekara ematen dio inguru osoari eta Karibeko haize leunak laztandu egiten zaitu. Egokiena presarik gabe joatea da, denboraz, eta eramaten uztea. Varadero: Karibea postal moduan La Habanan egun batzuk egin ondoren, onena paradisura ihes egitea da. Eta paradisuaz ari garela, Varaderok ezaugarri asko ditu munduko ederrenetako bat izateko. Hondarra zuria da, eta itsasoa, ezin ederragoa: urdinen nahasketa hari begiratzean, ez dakizu ametsetan zauden edo egiazkoa den. Varaderoko hondartzek 20 kilometrotik gorako luzera hartzen dute, eta, beraz, bada nahikoa leku erlaxatzeko. Aukeran duzu noranzko jakinik gabe itsasertzean ibiltzea, egun osoa uretan igarotzea, snorkel egitea edo buruz gora etzan eta eguzkia hartzea, ezertan pentsatu gabe. Batzuetan, hori ere bidaiatzea da: deskonektatzea berriro konektatzeko. Varaderon denen gustuko eta patrika guztien neurrirako aukerak daude, baina guztiaz ahaztu eta mimoak jasotzeko gogoz bazaude, dena barne hartzen duten resort - ak aukera ona dira. Igerileku mugagabeak, hondartzan bertan trago bat hartzearen plazera, nazioarteko janaria duten buffetak eta jarduerak egun osoan. Hondartza da Varaderoren bereizgarria, baina lurmutur hartan askoz gehiago dago deskubritzeko. Adibidez, Varahicacos Erreserba Ekologikoa. Ingurune horretan bidezidor naturalak, labar margoak dituzten kobazuloak eta kaktus erraldoiak aurkituko dituzu. Beste plan interesgarri bat Cayo Blancora irteera bat egitea da. Hurbileko uhartetxo horretan hondartza ia birjinak daude, eta snorkeling -erako aukera bikainak. Hotel gehienek irteerak antolatzen dituzte katamaranean. Beraz, itsasoan osteratxo bat emateko luxuaz ere gozatu ahal izango duzu. Kuba ez da kontatzen, bizi egiten da. Halaxe da: Kuba ez da jomuga bat, esperientzia bat da. Historia, kultura, natura eta jende atsegin, alai eta autentikoaren nahasketa hori du uharteak. Horrek egiten du paregabe. Arima astinduko dizu bidaiak, eta etxera bueltatu aurretik berriro itzultzeko gogoz utziko zaitu. Kubak besoak zabalik hartuko zaitu. Eta ziur gaude liluratu eta maitemindu egingo zaituela. KUBA UHARTE bidaiak